Ostegunean (azaroak 24) Nafarroako Euskara Teknikariei prestakuntza saioa eskaini zieten Maialen Otegi eta Maialen Begiristain AHIZEko aholkulariek.
Saio teoriko-praktikoa izan zen eta euskahaldunaz eta ahalduntzeaz aritu ondoren, arlo sozioekonomikoan euskara txertatzeko gakoez aritu ziren, teorian jasotakoa praktikara eraman eta lanerako baliagarria izango zaien dekalogoa osatu genuen.
Urteak dira azaroaren 25a “Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna” izendatu zutenetik. Emakume* eta sexu/generoko disidenteon aurkako indarkeriak, ordea, ez du etenik izan epe horretan. Oraindik ere, indarkeriak aurpegi anitz dauzka, hamaika forma, eta gure eguneroko bizitzako eremu guztietan gertatzen da, hala nola lanean, eskoletan, korridoreetan, Whatsapp taldeetan...
Zoritxarrez, gure errealitatea ez da bestelakoa, ez gara bizi indarkeriarik gabeko eremu ideal batean. Jakin badakigu erasoak gertatzen direla. Badugu batzuen berri, eta aurre egiten saiatzen gara; beste askori, ordea, erasotuak bakarrik egin behar izaten die aurre.
Ahalduntzea, baina, ez da nahikoa: gizonek ulertu eta onartu behar dute pribilegiodunak direla, eta ezinbestekoa da pribilegio horiek baztertzeko lanketa. Azken batean, erasotzaileak eta haien babesleak dira erasoen arduradun bakarrak.
Egoera hau irauli beharra daukagu, gure biziak daude jokoan. Ahaldundu gaitezen eta joka dezagun irmo: zaindu dezagun elkar.
Bide batez, ohar honen bidez adierazi nahi dugu bat egiten dugula Euskal Herriko Mugimendu Feministaren lelo eta deialdiekin. Geuk ere aldarrikatzen dugu “Beldurra eta kontrolaren aurrean, Justizia Feminista”. Aurten, bereziki salatzekoa da Mugimendu Feministaren kriminalizazioa, bai eta emakume* eta sexu/generoko disidenteon borroken eta bizitzen gaineko kontrola ere. Helburua da instituzioen erantzukizuna azpimarratzea indarkeriaren iraupenean.
Azaroaren 25 honetan zein urteko gainontzeko egunetan, egin diezaiogun aurre indarkeria matxistari.
Eraldaketa gure esku dago!
2022-11-25 AEK
Urtarriletik aurrera, hainbat online ikastaro jarriko ditugu martxan. Tartean, C2 maila lantzeko ikastaroak. Baina, adi, abenduan ere aukera izango duzue C2ko azterketa prestatzeko.
Izan ere, C2 maila lantzeko Ikastaro laburra eskainiko dugu (25 ordu) eskainiko dugu.
ONLINE!
Abenduaren 5etik urtarrilaren 13ra
Egokia urtarrilean azterketaren bat dutenentzat (lan-poltsaren bat).
189 euro
Matrikulazioa HEMEN. Azken eguna: azaroak 29
Oharra: Datuak bete eta ordaindu eta gero, e-postara kopia bat iritsiko zaizue eta balitekeela spametara joatea. Beraz, begiratu karpeta hori, mesedez. Edozein zalantza izanez gero, jarri harremanetan gurekin Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidean.
informazioa: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
AEKtik deia luzatu nahi dizuegu euskaltzale guztiei Euskaraldira hurbil zaitezten, ariketa kolektibo horretan parte har dezazuen
Atrebentzia handiz, geure aurkezpen-txartelarekin osatuko dugu gogoeta honen hasiera. Hauxe duzue AEKren metodologiaren ardatza: hizkuntza, komunikaziorako tresna den neurrian, pertsonen artean jarduteko eta bizitzeko tresna ere bada. Hala, hizkuntza jakiteak ezinbestean dakar jende artean erabiltzeko gai izatea. Beraz, AEKn nahi dugu gurekin ikasten duen pertsonak euskara bere bizitzako edozein arlotan eta unetan erabiltzen ikas dezan; horretan oinarritzen da gure metodologia.
Iruditzen zaigu euskaltegiak beti izan direla euskararen normalizazioaren ametsezko egoeraren lagin bikaina: adin guztietako herritarrak aritzen dira euskararekiko atxikimendua lantzen, eta, batik bat, gaitasun egokia lortzen, euskara ezagutzeko ez ezik euskara erabiltzen ere jaki nahian. Motibazioak ekartzen ditu euskara ezagutzera; baina ezagutza ez da aski euskara erabiltzeko, ez: motibazioa eta gaitasun egokia ezinbestekoak dira, eta horretan trebatzen dira euskaltegietako ikasleak. Horri begira, ikasgelan erabilera erosorako baldintzak sortzen ditugu, eta euskaltegiko elkarreragina arigunetzat dugu, euskaraz lasai aritzeko gunea, Euskaraldiak ekarri duen izendapena aintzat hartuta.
Hori dela eta, betidanik ikasleak prestatu ditugu, baita animatu ere, euskara erabil dezaten ikasgelatik kanpo, bizitzako edozein arlotan eta unetan; beraz, egunotan, ikasleria gonbidatzen ari gara Euskaraldiaren ariketa praktikoan parte hartzera, izan daitezen ahobizi edo belarriprest. Ez hori bakarrik, AEKtik deia luzatu nahi dizuegu euskaltzale guztiei Euskaraldira hurbil zaitezten, ariketa kolektibo horretan parte har dezazuen.
Oso-oso garrantzitsua da askok izena ematea, eta Euskaraldiak iraungo duen egunetan ariketa buru-belarri gauzatzea, gerora ere ekimenaren bultzadak segida izan dezan. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra, Euskal Herri osoan ahobiziak eta belarriprestak barra-barra azalduz gero, sekulako baldintza onak sortuko dira euskara lasaiago eta erosoago erabiltzeko, euskaltegietan egunerokoan bermatzen ahalegintzen garen moduan.
Dena den, jakinekoa den bezala, herritarren ahalegin soila ez da aski euskararen auzia bideratzeko, hori ere beharrezkoa bada ere; horregatik, ezinbestekoa da udaberrian, azken Korrikan, bizi izandako herri-gogoa berriro sumatzea, euskaltzaleon ilusioa beste kolpe handi batez berritzea edo, hastear dagoela, Euskaraldian herritarren engaiamendu erraldoia ikustea. Arestian genioen moduan, ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea, eta nahitaezko ekintza dugu inguruan eragiteko ere.
Amaitzeko, aurreko esaldiari helduta, eragiteaz ari gara, bai; hori dela eta, adibidez, ariguneak ugaritzea oso garrantzitsua da, herritarrek erabilera-eremu berriak ezagut ditzaten, bertan saia daitezen euskara erabiltzen. Zer esanik ez, instituzioek rol garrantzitsua dute euskararen normalizazioan, herritarren engaiamenduari bide eman behar diotelako, eta guztiz ezinbestekoa delako Euskal Herri osoan euskararen erabilera bermatzeko baldintzak ziurtatzea, inork ez dezan inolako eragozpenik izan euskara baliatzeko. Finean, xedea Euskal Herri erosoa lortzea da.
Gure euskaltegietako eskoletan Euskaraldia lantzen ari gara. Gure ikasleak eta irakasleak Ahobizi ala Belarriprest izango dira eta gure euskaltegiak, ARIGUNE.
Animatu eta parte hartu ariketa sozialean!!
AEK ere Euskaraldiarekin bat!
Goiko argazkian, Zarauzko AEK-ko ikasleen erronketako batzuk aurtengo Euskaraldirako.
Jarraian, Oarsoaldeko AEK-ko lagunak, euskaltegian.
Elkarrek ARIAN irakurgai mailakatuen sailean bi liburu berri kaleratu ditu: Miren Agur Meaberen "Elurraren promesa" eta Andoni Tolosaren "Maleta bat igogailuan" .
Andoni AEkidea dugu, musika arloan ere aski ezaguna, eta orain idazle ere ezagutu dugu. Bejondeizula, Andoni!
Era berean, liburuaren trama interesgarria da oso, euskara ikasleentzat, batez ere, hasiera mailakoentzat: "Euskaltegian euskara ikasten hasi den Hector ikaslearen egunerokoa da liburua; ikasturte baten kronika"
Ezaguna den bezala, sail horretako liburuak euskara ikasleentzat sortutako irakurgaiak dira eta testuak, ilustrazioak eta ariketak uztartzen dituzte.
Asier Amondoren lekukoa jasota, Ane Elordi (Zornotza, 1991) izango da KORRIKAren arduradun nagusia. Hala erabaki zuen AEK-k azken Batzar Nagusian. Amondok berak AEKn jarraituko du, beste eginkizun batzuetan. Elordiren esanetan,«KORRIKA kolore, iritzi eta pentsamolde desberdin asko elkartzen dituen Euskal Herriko egitasmo bakarrenetakoa da, eta horren gidari izatea ohorea da».
KORRIKAren aurpegi berria kazetaritza lizentziaduna da, eta 2015etik dabil AEKn. Erakunde barruan lan andanatan ibili da Elordi: irakasle, barnetegietan, berbalagun egitasmoan, komunikazioan... baita KORRIKAn bertan ere. Besteak beste, 21. edizioan furgoneta kidea izan zen, eta 22.ean komunikazio taldeko kidea, beste zeregin batzuen artean.
Elordik dio alde batetik «poza» sentitzen duela, «lankideek, emandako konfiantzarengatik»; baina beste aldetik «bertigoa» ere sentitzen duela. Halaber, eta bera ordezkari nagusia izanagatik, lasterketa erraldoiaren antolakuntza sarearen garrantzia ere nabarmendu nahi izan du Elordik: «AEKide guztiok eta herritar asko barik, KORRIKA ez litzateke posible izango. Gu, azkenean, hautatu batzuk gara, eta horretan egoteko ohorea daukagu, baina guk bakarrik ez dugu ezer egingo».
Horretaz gain, koordinatzaile berriak KORRIKAren erronkak zeintzuk diren ere baditu argi: «ekimenaren eragina, poztasun hori, euskararen aldeko jarrera hori, ez daitezela 10 eguneko kontu hutsean geratu. Hau da, alde egotetik egitera pasatzea».
AEKren AIZU! aldizkariak egin dion elkarrizketan haren gogoeta gehiago eta Ane Elordi bera ere hobeto ezagutzeko aukera dago, hemen.
Ezagutzaren Unibertsalizazioari buruzko bigarren jardunaldiak antolatu dituzte Kontseiluak eta Jaurlaritzak elkarlanean. Hiru ardatz izango dituzte, herritar euskaldunak lortzeko bide nagusiak: hezkuntza arautua, hizkuntzaren transmisioa-sozializazioa, eta helduen euskalduntzea.
Gasteizko San Prudentzio fundazioan izango dira azaroaren 10ean eta 11n, eta Jauzirako Prest izena izango dute.
AEKren ordezkaritza bertan izango da eta, azaroaren 11n, Helduen euskalduntzearen mahai-inguruan,Artezkaritza Kontseiluko kide Aize Otañok hartuko du parte. Mahai-inguru horretan, gizarte ekimeneko euskaltegietako ordezkariek euskararen beharra sustatzeari begira egindako hausnarketaren ondorioak partekatuko dituzte.
Informazio gehiago eta izena-ematea www.kontseilua.eus webgunean (azaroaren 7ra arte).
AEK-n argi dugu : euskara ikasteko manera onena ikastaldi trinkoak egitea da. Euskaran murgiltzeko parada ematen du. Eeuskara ikasteaz gain, euskaraz bizitzeko parada.
Aurtengo lehen ikastaldia euskara hastapenetik ikasi nahi dutenentzat da, eta Baionako Gau Eskolan iraganen da azaroaren 28tik abenduaren 9ra. Euskarari lehen behako bat eman nahi dietenei edo Gau Eskoletan izena emateko berantegi ibili direnei zuzendua da, lehen hiru hilabeteetako nozioak ikasteko parada ematen baitzaie. Horrela, nahi izanez gero ikasleak urtarriletik goiti Gau Eskola bateko lehen urteko talde batean sartzeko behar beste nozio ezagutuko ditu.
Kurtsoak astelehenetik ostiralera izanen dira, bi astez, 9:00etatik 13:00tara.
Prezioa : 200 euro + 22 euro (kidetza)
Maila : Hastapena /iniziazioa
Izen emateak azaroaren 11 arte
Xehetasun gehiagorentzat, harremanetan jar zaitez gurekin
AEK : Marengo karrika, 22 – 64100 Baiona
05.59.25.76.09 / 06 03 20 50 10 Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
AEK, euskara ikasteko bidelagun onena!
Zonifikazioa gainditzeko garaia da; Nafarroa bat egiteko garaia da. Ia hiru hamarkada pasa dira euskararen legeak lurraldea hirutan zatitu zuenetik, eta bada garaia egoera bidegabe honekin bukatzeko, Nafarroa garaia bat izan dadin. Euskararekin bat egiteko garaia da. Eta horretara dator Errigora!
Kanpaina honetan saskiak eskatzea bada bat egiteko modu bat. Zonifikazioaren afera ez baita nafarren arazoa, euskararena baizik, eta datozen hilabeteak erabakiorrak izan daitezke. Kanpaina honek eskaintzen du, elkartasuna adieraztetik harago, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari baliabide ekonomikoak emateko bidea, baita haien eguneroko batailetan gainontzeko euskaltzaleen babesa eta arnasa sentitzekoa ere.
Azken urteetan egin dugun bezala, hiru saski izanen ditugu kanpaina honetan: saski beltza (55€), Errigoraren saski klasikoa, saski berdea (65€), ekologikoa, eta saski zuria (75€), berezia. Gainera, iaz egin genuen gisan, saski bakoitzean egutegi txukun bat oparituko da.
Eskatu zure saskia/k azaroaren 10era arte eta egin bat euskararekin!
2022ko urriaren 19 honetan, AEK-k prentsa agerraldi bat antolatu du Baionako AEK Gau Eskolako liburutegian.
Agerraldi honen helburua da Ipar Euskal Herriko AEK-ren egoera aurkeztea eta helduen euskalduntzeko baliabide duinen beharra agerian ematea. Hizlariak izan dira: Ihintz Oliden (AEK-ko koordinatzailea), Amaia Beyrie (AEK-ko Zuzendaritzako kidea), Xabi Gartzia (AEK-ko Artezkaritzako kidea) eta SĂ©bastien Castet (Euskal Konfederazioko langilea).
Ikasturte berri honetan, orotara 1 600 ikaslek eman dute izena AEK-n. Euskara ikasteko baldintza ahal bezain onak eskaintzeko, etengabeko hobekuntza eta garapena izan dugu betidanik helburu. Ikaslegoa eta langilegoa emendatuz doaz, kurtso eskaintza gero eta anitzagoa dugu eta formakuntza erakundeei eskatzen zaizkien kalitate berme ziurtagiriak lortu ditugu. Halaber, AEK helduen euskalduntzearen ildoko erronka handiei buru egiteko prest da.
Alabaina, hizkuntza politikaren berme diren instituzioetatik engaiamendu eta apustu eskasak helduen euskalduntzeak merezi duen garapena trabatzen du. Kurtsoen doakotasuna ahalbide lezakeen bekarik ez da gaur egun Ipar Euskal Herrian eta gure funtzionamenduaren segurtatzeko diru-laguntza publiko egokirik ez dugu eskuratzen.
AEK-ko langileek egoera hau salatu nahi dugu, jasaten ahal dugunaren mugara helduak baikira.
Horretarako, Ipar Euskal Herriko instituzioei dei egiten diegu Helduen Euskalduntze Arloari medio sendoak eman diezazkioten.
Nafarroako euskaldunen hizkuntz eskubideak aldarrikatuko ditu Hordago! herri ekimenak, urriaren 22an, Tuteran egingo den manifestazioan. AEK-k bat egiten du ekimen honekin eta bertan izanen da.
Euskararen aldeko eta Nafarroa osoan askatasunez bizitzeko aukerak oztopatzen dituen zonifikazioaren aurkako manifestazioa izango da. Hala, Nafarroan “ez euskaldun” izendaturiko eremuetako herritarrei dei egin diete, bereziki Erriberakoei, manifestazioan parte har dezaten. Iazko azaroan aurkeztu zuten Nafarroako Cortes herrian Hordago! herri ekimena. Zonifikazioari aurre egitea du helburu , eta arrazoi linguistikoengatik Nafarroan inolako bereizkeriarik gabe bizi ahal izatea aldarrikatzen du. Horrela jaso zuten orduan Corteseko Adierazpena izeneko idatzian. Erriberako hainbat herritarrek bat egin dute adierazpenarekin, eta Tuterako manifestazioan “euskara Nafarroa osoko hizkuntza dela” ozen aldarrikatzeko deia egin dute. Manifestazioa 17:30ean hasiko da, Tuterako Plaza Berrian.
Aste honetan, AEKn abian jarri dira 2023-2024 ikasturteko ikastaroak, eta, oro har, oraindik ere izena eman daiteke urrian zehar. AEK-k aukera eskaintzen du 100 euskaltegi baino gehiagotan.
Hauek dira AEKn euskara ikasteko aukerak:
Euskaltegietan, aurrez aurreko taldeak: ohiko euskalduntzea eta mailak egiaztatzeko ikastaroak:Hasiera maila, A1, A2, B1, B2, C1 eta C2.
Autoikaskuntza euskaltegian.
Eredu konbinatua, aurrez aurreko eskolak eta autoikaskuntza uztartuta.
Online ikastaroak.
Foruko barnetegia, Urdaibaiko biosfera-erreserban, urte osoan zabalik.
Beraz, etxeko eta lagun arteko harremanak euskaraz izateko, lan-egoera hobetzeko, bilatzen ari diren euskara-maila ezagutzeko, eta abar, herritarrek AEKn aukera ugari dute.
AEK eta euskara hurbil, zu urrun heltzeko.
AEKren Praktikatu zerbitzuak abian du 2022-2023 ikasturterako kanpaina, Praktikatu euskara gurekin leloa lagun. Hala, urriaren aurreneko egunetan hasiko dira martxan, Euskal Herriko leku askotan, berbalagun, mintzakide eta mintzalagun taldeak, lagun giroan elkartu eta euskaraz aurrez aurre jarduteko. Online saioak, berriz, azaroan hasiko dira. Dagoeneko dohain eman daiteke izena talde mota guztietarako, euskaltegietan, udal euskara zerbitzuetan zein Praktikaturen www.praktikatu.eus atarian.
Praktikatu hazten ari den egitasmoa da: gaur egun, Euskal Herriko 76 herritan antolatzen ditu mintzapraktika saioak, eta 300 ekintzatik gora burutzen dira urtean, tartean, mintzodromoak. Ikasturte honetan kopuru horiek handitu egingo dira, lehendik egiten direnez gain, hiru proiektu berri jarriko direlako martxan: Zangozan (Nafarroa), Igorren (Bizkaia) eta Pasaian (Gipuzkoa). Hitanoa lantzeko Hiketalagun proiektuak, berriz, jarraipena izango du Durangaldean (Bizkaia), Arriben (Nafarroa) eta Urola Kostan (Gipuzkoa); eta elkarri hika hitz egiteko talde berrien sorrera ere sustatuko da, besteak beste, Usurbilen eta Lea-Artibain. Familientzako Gurasolagun taldeetan ere segituko dute jolasak, txangoak eta tailerrak egiten, helduek eta haurrek euskaraz batera aritzeko aukera izan dezaten.
Aurtengo udazkenean, gainera, Euskaraldiaren hirugarren edizioaren atarian gauden honetan, Praktikaturen proiektuek esanahi berezia hartuko dute, mintzataldeak euskaraz bizitzeko aukera ematen duten arigune naturalak baitira, hau da, uneoro euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen duten guneak. Izan ere, ohiko taldeez gain, eta euskararen transmisioa sendotzeari begira, Praktikatu egitasmoak euskarazko harrema sare berriak sustatzen ditu ekintza osagarrien bidez, hala nola, asteburuko egonaldiak, barnetegi ibiltariak edota zaletasunen (natura, kirola eta kultura) araberako interes taldeak antolatuta. Ondorioz, bereziki azpimarratzekoa da horietan guztietan parte hartzen duten mintzalagunen, mintzakideen, berbalagunen eta bidelagunen ahalegina eta euskararen transmisioari egiten dioten ekarpena.
Fermin Muguruzari eta Ane Lindaneri elkarrizketak: Begoñako hilobiek ezkutatzen zutena; Europan barrena bizikletan; gerrako erbestearen oroitzapenak; Euskaraldia...
Udako oporren osteko lehen alea hemen da!!
Euskara ikasteko garaia berriz hemen dugu, euskara maila hobetzeko, euskara erabiltzen jarraitzeko. Azken ikasturteek erakutsi digute euskaltegien lana bizi-bizirik dagoela.
Matrikulazioa gora egiten ari zen etengabe azken urteetan; pandemiak zertxobait apaldu zuen, logikoa den bezala, baina, era berean, azken bi urteetan ikusi dugu egoera zail horretan ere euskara ikasi-hobetu nahi duten herritarren gogoak hortxe dirauela, eta ikasle-irakasleen ahaleginari esker, unean uneko babes neurriak beteta, euskalduntze prozesuan aurrera egin dugula. Arrakasta handiz burutu ditugu ohiko ikastaroak milaka lagunekin batera. Gainera, iaz, kopuruek gora egin zuten berriro, eta zinez uste dugu laster hasiko den ikasturtean herritar gehiago hurbilduko direla euskaltegietara. Milaka lagunek erakusten duten gogoari segika, EUSKARA hitza nabarmendu dugu kanpainaren euskarri grafikoetan, euskara erdigunean jarri, guztion eskura, ahalik eta herritar gehien euskaltegietarako bidean jartzeko.
Euskara-ikastaroetan herritarrek bidelagun onenak izango dituzte, AEK-ko irakasleak, hain zuzen, ikasleak ikasprozesuan aurrerantz egin dezan, eta, euskara, pasio handiz ezagutu eta erabil dezan. Irakasleen profesionaltasuna eta berotasuna, alegia.
Urrian hasiko den ikasturtean, hauek izango dira AEKn euskara ikasteko aukerak:
Euskaltegietan, aurrez aurreko taldeak: ohiko euskalduntzea eta mailak egiaztatzeko ikastaroak.
Eredu konbinatua, aurrez aurreko eskolak eta autoikaskuntza uztartuta.
Online ikastaroak.
Foruko barnetegia, Urdaibaiko biosfera-erreserban, urte osoan zabalik.
Bestalde, azpimarratu nahi dugu erakunde askok (udalek, aldundiek, mankomunitateek, Jaurlaritzak nahiz Nafarroako Gobernuak..) dirulaguntzak ematen dituztela. Euskal Autonomia Erkidegoan, hain zuzen, B2ra arteko prozesua doakoa, maila egiaztatuz gero. Aurten, aukerak zabaldu dira eta C1 mailara iritsiko da, kasu horretan 30 urtetik beherakoentzat. Nafarroan, aurten, laguntzak zertxobait emendatu dira, eta Iparraldean ere euskara ikasteko diru-partida bada. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek aukera horien berri edukitzea, euskarara, euskaltegietara, hurbiltzeko ezinbesteko osagaia direlako.
Partaideak: Alizia Iribarren, Aize Otaño, Aitziber Balantzategi, Iñaki Urkijo, Xabi Gartzia, Bixente Claverie, Lurdes Etxazarreta. Irakasleak: Zuriñe Eguskiza eta Iñigo Ramirez de la Piscina. Ikasleak: Simona Sobotovicova, Mikel Saiz eta Alex Gutierrez
Hitzekin izan zen 22. Korrikaren leloa: hitza eta ekintza. Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Ekiteko ordua zela aldarrikatu nahi izan genuen; orain dela unea: euskara, hitzetik ekintzara. Aldekotasunetik konpromisora jo behar da, eta konpromisotik eragitera, erakunde orok urrats sendoagoak egin ditzaten jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko.
Hori dela eta, Korrikaren ingurumarian, esate baterako, dinamika bat abian jarri genuen doako ezagutzaren unibertsalizazioaren beharra ere jorratzeko. Gakoa oso argia da: euskara ikasi nahi duten herritarrek dohainik jarduteko parada izatea.
Azken batean, Euskal Herrian euskaraz biziko bagara, giltza izango da helduen artean euskaraz aritzeko gaitasun egokia zabaltzea, baita euskaltegietan zerbitzua doan jaso ahal izatea ere.
Zenbait ekimen proposatu ditugu dinamika abiatzearekin batera, helburua bistaratzeko, eta aurrerapausoak emateko eta erdiesteko. Batetik, lan-munduan, Denok euskara doan. Langileok prest izenekoa: AEK-Korrikatik elkarlan-bide bat landu dugu ELA nahiz LAB sindikatuekin, eta heldu den ikasturterako doako ikastaro laburrak antolatuko ditugu, hainbat lantokitan prest dauden langile-taldeekin. Berez, urtero eta Euskal Herriko lantoki askotan ezaguna den dinamika biderkatu nahi dugu ekimen horren bidez. Edonola ere, gehiagorengana iritsi nahi dugu, eta, batez ere, dinamikaren xedea bistaratzea da asmoa, ekintza praktiko horien bidez. Aurkezpenean langileek eurek adierazi zutenez, euskararen normalizazioa garatzeko ezinbesteko esparrua da lan-mundua, eta berau euskalduntzeko urrats zehatzak aldarrikatu zituzten: «Behar-beharrezkoa da langile guztiei euskara ezagutzeko bideak zabaltzea, horretarako denbora ziurtatzea eta zerbitzu hori doakoa izatea».
Bestalde, Donibane Garaziko adierazpena ere ezagutzera eman genuen. AEK ez ezik, beste euskaltegi askoren ordezkariak daude agiri horren atzean; hauek dira adierazpenaren sinatzaileak: Batuz Euskaltegi Elkartea (Altza-Urumea, Ulibarri, Urrats, Ilazki, Hitzez, Legazpi6, Herri Jakintza eta Udaberria), AEK, Juan Mateo Zabala euskaltegia, Gabriel Aresti euskaltegia, Errioxako IKA, Bai&by, Gotzon Garitanoaindia euskaltegia, Hegoalde euskaltegia, Bilbo Zaharra euskaltegia eta Maizpide.
Adierazpen horren bitartez, Euskal Herriko administrazio nagusiei dei egiten zaie, bertan hauxe jasota: «Unea da euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion neurriak hartzeko. Proposamen eta bide ezberdinak ezagutzen ditugu. Elkar gaitezen eta osa dezagun, elkarlanean, eta berandu baino lehen, guztiok doan ikasteko bide-orria».
Egun hauetan, hain zuzen ere, bilera bana egingo dugu lurralde administratibo bakoitzeko erakundeekin (Ipar Euskal Herria, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa), proposamen horri heltzeko.
Berdintasunaren eta kohesioaren izenean, jendarteak euskal hiztun berriak behar ditu, eta justiziazkoa da euskara doan ezagutzeko eskubidea errealitate bihurtzea.
wrtwrt
wrtwrt
wrtwrt