Matrikula zabalik dago! MATRIKULAZIOA HEMEN
EUSKALDUNTZEKO ETA MAILAK EGIAZTATZEKO AZTERKETAK PRESTATZEKO IKASTAROAK (A1, A2, B1, B2. C1 eta C2)
A1*, A2, B1, B2 eta C1**:
Urriaren 7tik ekainaren 20ra (190 ordu): 790 €.
Urriaren 7tik abenduaren 20ra (75 ordu): 379 €.
*2024-2025 ikasturtean A0A0 edo A1A0 abiapuntua duten ikasleentzako dirulaguntza berria. Informazioa.
A1, 190 ordu: 790 €. 114 €.
A1, 75 ordu: 379 €. 45€.
**16-18 urte bitartekoen dirulaguntza-lerro berria, C1 maila prestatzeko ikastetxean bertan edo euskaltegian. Informazio gehiago, hemen.
C2 mailakoa:
Urriaren 7tik ekainaren 20ra (190 ordu): 887 €.
Urriaren 7tik abenduaren 20ra (75 ordu): 465 €.
Ohar garrantzitsua: maila bat gainditzeko, gehienetan 75 orduko ikastaroarekin ez da nahikoa izaten. Gainera, 190 orduko ikastaro batek 75 orduko bik beste balio du. Horrelako ikastaro bat baino gehiago egiteko asmoa baduzu, 190 ordukoa egitea gomendatzen dizugu
C2 atarikoa/ Hobekuntza-ikastaroa:
C1 gaindituta dutenentzat. Egokia euskara-maila hobetzeko edota hurrengo ikasturtean C2 maila egin nahi dutenentzat.
Urriaren 7tik abenduaren 20ra 75 ordu: 379 €.
INGURA!
Ingurune digitalak A1 maila eskaintzen du. Ikastaro osoa egiteko, gurean ere matrikula egin dezakezu. Laster, informazio gehiago.
Itzulpengintza ikastaroa:
Irailetik urrira, azarotik abendura, urtarriletik otsailera, martxotik maiatzera. 30 ordu. 331 €.
Abendutik aurrera, ikastaro gehiagoren berri emango dugu.
Indarrean dagoen euskararen plan estrategikoa ebaluatu eta hurrengo bost urterako plan berria diseinatzeko, maiatzaren 31n, batzar zabala antolatu zuen Busturiko Udalak Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzaren elkarlanarekin. World Kafe formatuan antolatu zuten jardunalditxora hainbat herritar bertaratu ziren, eta parte hartzaileek hainbat ekarpen egin zituzten guztien artean plana josteko.
AROA izena izango du bost urterako plan horrek, eta busturiarrek besteak beste, familia transmisioan, arlo sozioekonomikoan, euskalduntzean, eta aisian eta kirolean eragin behar dela azpimarratu zuten. Giro ederrean amaitu zuten jardunaldia bertaratutakoek, pozik eta ilusioz beterik.
Ale honetan, Beñat Gaztelumendiri eta Oihana Vesgari elkarrizketak; Iruñean, gazte migratzaileak euskararantz; arrano beltza, zeruetan handi; udako barnetegiak; Franz Kafka hitz gutxitan; eta beste kontu mordoa: www.aizu.eus
AEK-ko ikasleek doan jasoko dute euskaltegian hilero bezala.
Etxean jaso nahi? Egin harpidetza: aizu.eus/harpidetu
On egin!
Datorren ikasturtean, 2024/25 ikasturtean, euskara ikasten jarraitu edo euskara ikasten hasi nahi baduzue, aprobetxatu AEKren matrikulazio eskaintza berezia (AEK-ko ikasleek zein ikasle ez direnek balia dezakete aukera).
Webgune HONETAN nahiz AEKren edozein euskaltegietan egin daiteke
Aurrematrikula ekainaren 28a baino lehen egiten dutenek honako onura hauek izango dituzte:
- Ikasturte honetako (2023/24) prezioari eutsiko zaio
- Ordainketa malguagoa, epe bat gehituta ohiko ordainketa epeei
- Lehentasuna taldeak eratzeko orduan
Izen-emateak eta informazioa: AEKren edozein euskaltegitan // 673 200 100 · 946 464 000
Aurrematrikularen prezioa (lehenengo ordainketa): 100 euro. A1 mailako ikasleek eta C1 mailako ikasleek (bigarren kasu honetan, 16-18 urte bitartekoak baino ez), 20 euro ordainduko dute.
Oharra: Ikastaroa ez egitea erabakitzen baduzu, aurrematrikularen %100 itzuliko dizugu ikastaroa hasi baino lehen jakinaraziz gero. Behin ikastaroa hasita, matrikula itzultzeko ohiko baldintzak aplikatuko dira.
2024-25 ikasturterako aurrematrikula dela eta, ohar garrantzitsua: ezin da aurrematrikularik egin online-ikastaroetan. Dena den, datorren ikasturteko online-ikastaroetan izena emateko asmoa baduzu, GALDETEGI HAU bete dezakezu.
Euskaraz Koop. S.ren Estatutu Sozialetako 31. eta 32. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, Artezkaritza Kontseiluak Euskaraz Koop. S.ren Ohiko Batzar Orokorrerako deialdia egin du.
Eguna 2024ko ekainaren 28a
Tokia: AGURAINgo HARRESI Aretoa
Ordua: Lehen deialdia 9:30ean.Bigarren deialdia: 10:00etan
GAI ZERRENDA
Lehena.- Akta onartzeko bi bazkide eta batzarreko idazkaria izendatzea.Bigarrena.- Euskalgintzaren Kontseilua. (Lan ildoen aurkezpena)Hirugarrena.- Kudeaketarekin lotutako zenbait proposamen (24-25 ikasturterako z.o.-ak, 23-24 aurrebalantzea eta 24-25 aurrekontuaren aurreikuspena, egin beharreko ekarpenaren zenbatekoa, Korrika...)Laugarrena.- Kontu ikuskaritza aukeratzea.Bosgarrena.- Barne-araubideko erreglamendua.Seigarrena.- Sozietate organoak: Artezkaritza-kontseiluaren berritze partziala.Zazpigarrena.- Ahalmena ematea Artezkaritza Kontseiluko lehendakariari eta idazkariari Batzar Nagusian hartu diren inskribatu beharreko erabakiak notarioaren aurrean eskritura publikoan jasotzeko, hala badagokio, eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatuak izan daitezen egin beharreko izapideak burutzeko.Zortzigarrena.- Galde-eskeak.
OHARRA: Bazkideei jakinarazten zaie, Euskadiko kooperatiben legearen 24.4 eta 78.1c artikuluetan zedarritutakoarekin bat etorriz, bazkide guztiek dutela eskura kooperatibaren egoitza sozialean eta barne sarean kooperatibaren dokumentazio ekonomikoa eta Barne-araubideko erreglamenduaren berrikusketa proposamena, batzarrean landuko den gainerako dokumentazioarekin batera.
Lehendakaria
Aitziber Balantzategi Ibargoitia.
Bilbon, 2024ko maiatzaren 21ean.
AEK-KORRIKAren ordezkariek Ibilbideari Elkar saria jaso dute gaur, Elkar Fundazioko lehendakari Joxemari Sors Bagüesen eta idazkari Jon Jaka Auzmendiren eskutik. Horrela eskertu eta goraipatu du Fundazioak AEK-KORRIKAk egindako lana; aldi berean, “saria bide beretik jarraitzeko akuilu” izatea espero duela adierazi du.
Saria AEK-KORRIKAri zergatik eman dioten azaldu du Jaka Auzmendik, AEKren sorrera Frankismoaren garaian sortu zen euskararen aldeko aldeko mugimendu zabalaren ondorioetako bat izan zela gogoratuz: “Baldintza zailetan, eta ia hutsetik abiatuta, heldu euskaldunak alfabetatzeko eta euskalduntzeko herriz herri sortu ziren gau eskolak koordinatzeko antolatu zen AEK, 70eko hamarkadan, Euskal Herri zabaleko gau eskolak eta euskaltegiak bilduz bere barne”. Halaber, baieztatu du AEKk “instituzioen behar bezalakoa ezagutzarik gabe” aritu behar izan zuela 80ko eta 90eko hamarkadetan: “Lan baldintza egokien gabeziari militantziaz, ilusioz eta ahalik eta profesionaltasun handienarekin erantzun zion AEKk, bere xedea lortzeko ahaleginari uko egin gabe”.
KORRIKAri ere egin dio aipamena Jaka Auzmendik: “Milaka lagun euskaldundu da AEKko euskaltegietan, eta milaka lagun hurbildu da euskarara eta euskararen aldeko ekimenera AEKren lanari esker, tartean 1980tik antolatzen duen KORRIKAren eskutik. Ekarpen handia egiten dio, ez bakarrik helduen euskalduntzeari, baita euskararen normalizazioari ere”. Hala, Korrikaren “indar handiko irudia” azpimarratu du Elkar Fundazioak: “Era guztietako jendea elkarrekin ari da korrika, eta lekukoa eskuz esku pasatzen doa. Irudi horren bidez erakusten da euskaren normalizazioak denon beharra duela, denon artean elkarrengandik hartuz eta elkarri emanez lortuko dugula Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz bizitzea. Hori da AEKren lanak urteotan erakutsi duena, euskararen normalizazioa ezin baita sinplifikatu eta mugatu haurren eremura”.
AEKren eta KORRIKAren izenean, Artezkaritza Kontseiluko Aize Otaño Lizarradek eta KORRIKAren koordinatzaile Ane Elordi Alburquerquek hartu dute hitza, hurrenez hurren. Biek ala biek eskertu dute saria, “euskara eta euskal kulturaren garapena” helburu dutenen eskutikjasotzea“ ohore izugarria” dela adieraziz. Era berean, eskerrak eman dizkiete “AEKren sorreratik erakundean izan diren kide, euskalgintzako bidelagun, eragile, norbanako euskaltzale, ikasle eta gainerako guztiei, eurak guztiak gabe AEKrik ez litzatekeelako. Sari hau guztiona da: izan zirenena, garenona eta izango direnena”. Bestalde, Elordik gaineratu duenez, “denok egiten dugu KORRIKA, denok gara KORRIKA. Ezin jakin zenbat eskuk besarkatu duten lekukoa euskararen alde, baina ehunka mila izan dira, seguru. Eta den-denek egin dute hizkuntza berreskuratzearen aldeko hautua”. “Orain arteko bidetik” jarraituko dutela erantsi du, euskararen aldeko kontzientzia suspertzen: “Sari honek bide hori urratzeko indar handiagoa ematen digu”.
Elkar argitaletxearen Adunako egoitzan egin den sari-emate ekitaldi berean jaso du Joseba Jaka Beka Josu Goikoetxea idazleak. Poesia irakurraldi musikatuarekin amaitu da ospakizuna, Oihane Jaka eta Xabier Zeberioren eskutik.
Euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderka daitezen, aktibatuta segitzeko dei egin dute Euskalgintzako eragileek.
Euskalgintzako eragile nagusien ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean Baionan. Eguna eta lekua ez dira ausazkoak: KORRIKA bukatu zen toki berean egin dute, 2025eko Euskaraldia hasteko zehazki urtebete falta dela probestuz. Horrela, euskararen aldeko bi ekimen jendetsuenak aldarrikapenez lotu dituzte, hizkuntza-politiketan eta euskararen erabileran jauzi egiteko, bultzada herritar indartsua behar dugula erreibindikatuz.
Agerraldian izan dira euskararen aldeko 30 gizarte erakundetik gora batzen dituen Euskalgintzaren Kontseilua eta euskalgintzako eragile garrantzitsuenen ordezkariak, besteak beste, AEK, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Konfederazioa, Euskal Herriko Ikastolak, Elkar, Berria, Elhuyar, Udako Euskal Unibertsitatea, Euskal Herrian Euskaraz, Maizpide Euskaltegia, Hezten Aisialdi Euskaltzalea, Karmel Aldizkaria, Konkolotx, Biga Bai, Mintzalasai eta Eusko Ikaskuntza.
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Ane Elordi AEK-KORRIKAko koordinatzaileak eta Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak adierazpen bateratu bat irakurri dute, eta besteak beste, honako mezuak zabaldu dituzte:
Idurre Eskisabel: “Herritarren bultzada ezinbestekoa da euskararen normalizazio eta biziberritzeak aurrera egingo badu, baina ez da aski. Euskararen normalizazioan aurrera egingo badugu ezinbestekoa da hizkuntza politiketan jauzi bat egin eta euskararen aldeko politika publiko sendoagoak indarrean jartzea”.
Ane Elordi: “Euskal hiztun izan edo ez izan, harro zabaldu dugu lau haizetara ekosistema bat eraiki behar dugula euskararen bueltan: euskal komunitatea, euskara ardatz duen komunitatea. Euskararentzat etorkizun hobea eraikitzeko adostasun zabala dugu”.
Irati Iciar: “Euskal Herri luze zabalean euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderkatzeko, gizarte aktibazioa eta herritarron indarra ezinbestekoak dira”.
ADIERAZPEN BATERATUA
Orain hilabete pasa, primadera hastearekin batera, milaka lagun bildu ginen hemen bertan, Baionako karriketan, Korrikaren azken urratsekin batera adierazteko euskararekin bat egiten dugula, euskaraz bat garela. Aurreko hamar egunetan beste hamarnaka mila lagunek kurritu zuten Euskal Herri osoa, asmo eta borondate berberez. Milaka lagun horien artean baziren euskaldun eta euskaltzaleak, baziren euskararen jabe ez izan arren hizkuntz berdintasunean sinesten dutenak… Herri harro bat ez ezik, gizarte adostasun zabal bat gorpuztu zen, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde. Beste era batera esanda: euskararen normalizazioan aurrera egitea hizkuntz eskubideetan sakontzea denez, justizia soziala, gizarte kohesioa eta bizikidetza indartzearen alde.
Datorren urteko udaberrian, milaka herritarrek berriro ere adieraziko dute konpromiso bera: Euskaraldiarekin bat eginez euskaraz bizitzearen bizigarritasunean urrats bat emateaz gain, ale bat jarriko dute, erabileran indar eginez, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde.
Dudarik gabe, herritarren borondatea eta bultzada ezinbestekoa da euskararen normalizazio eta biziberritzeak aurrera egingo badu. Baina ez da aski. Euskara hizkuntza minorizatua da, eta, horrenbestez, hiztun komunitate minorizatua gara euskaldunok. Pentsa, gauden hiri honetan bertan, Lapurdi osoan, Baxenafarroa, Zuberoa eta Nafarroa Garaiko eremu handienean bezala, euskarak ez dauka ofizialtasun estatusik, nor izateko gutxieneko zorurik.
Eta, jakina da, gaur egun, gurea bezalako testuinguruetan, politika publiko sendoak direla minorizazio egoerak zuzentzeko ezinbesteko bitartekoa. Hau da, euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egingo bada ezinbestekoa dela hizkuntz politika sendoak indarrean jartzea. «Arrainak ura, eta euskarak ekosistema osoa», esan zuen Garazi Arrulak hementxe, Korrikaren azken mezuan. Eta segitu: «Hizkuntzaren dimentsio guztiak izan ditzan hiztunak, gizartearen arlo oro busti beharko du hizkuntza-politikak (…) Euskarak hegemonia hartzeaz ari gara».
Esku artean dauzkagun erronkak alimalekoak dira. Oldarraldiaren agerpen hango eta hemengoak, batetik. Munduaren martxa azeleratuak hizkuntza minorizatuei zamatutako zailtasun berriak, bestetik. Ipar Euskal Herrian, adibidez, larrialdi linguistikoaren alarma joa dute jada, eta oroitarazi UNESCOk hizkuntzen erreprodukziorako ezarritako hiztun proportziotik behera direla. Hori zuzendu eta bideratzea da hizkuntz politiketan eman beharreko jauziaren oinarrietako bat.
Euskalgintza askotariko eta zabalak badu adostasunik honen inguruan: euskararen aldeko hizkuntz politikan jauzi bat behar dela erronka horiei erantzungo bazaie; politika publiko sendoagoak behar direla euskararen normalizazioan aurrera egingo bada. Korrika eta Euskaraldia lekuko, herritarren arnasa ere noranzko horretan dator. Baina arestian esan bezala, hori ez da aski. Arrulak hementxe aldarrikatu bezala, «hizkuntzaren auzia politikoa da, eta urgentziazkoa» Beraz, hemendik dei bat agintariei eta hizkuntz politiketan eragin indarra duten eragile politiko guztiei: aintzat har dezatela herritarren bultzada, eta eman ditzatela urrats sendoak euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde, eta, horrenbestez, hizkuntz berdintasunaren, justizia sozialaren, gizarte kohesioaren eta bizikidetzaren alde.
Olatu berri bat
Euskarak hegemonia hartzeaz ari gara, euskara erdigunera ekartzeaz. 23. KORRIKAn, Euskal Herri harroa ikusi dugu; oztopo eta traba guztien gainetik euskararekin dugun konpromisoa aldarrikatu dugu. Harro adierazi dugu euskaraz bizi nahi dugula, bagarela nor eta euskarak ematen digula identitate hori, euskal komunitatearen parte egiten gaituela. Euskal hiztun izan ala ez, harro zabaldu dugu lau haizetara ekosistema bat eraiki behar dugula euskararen bueltan: euskal komunitatea, euskara ardatz duen komunitatea.
Euskararentzat etorkizun hobea eraikitzeko adostasun zabala dugu. Eta, aipatu bezala, premiazkoa da euskararen aldeko hizkuntza-politiketan jauzi egitea, euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde.
Euskal Herri harroaren aldarriari jarraiki, norabide horretan arraunean jarraituko dugu. Euskararen normalizazioa xede, esparru guztietan lan egiten jarraituko dugu, alegia, ezagutzan, erabileran eta sustapenean. Hizkuntza-politiketan eragiten segituko dugu, erakundeen erantzukizuna delako euskaraz bizitzeko hizkuntza-politikak ezartzea eta bermatzea. Jakina, euskalgintzaren adostasun zabalaren adierazle, elkarlanean jarraituko dugu bidea urratzen. Eta horren guztiaren isla dira KORRIKA eta Euskaraldia bezalako ekimenak. Xedetzat dugu euskararen erabileran eta sustapenean eragitea, eta garenaz eta egiten dugunaz harro gaudelako, elkarrekin eta elkarlanean jarraituko dugu euskarak lotzen gaituen Euskal Herri harroa eraikitzen.
Euskal Herri luze zabalean euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderkatzeaz ari gara. Eta horretarako, gizarte aktibazioa eta herritarron indarra ezinbestekoak dira.
Euskararen erabilera erdigunean jarri eta urratsak egiteko tresna eraginkorra da Euskaraldia. Urtebete falta da laugarren edizioa hasteko, 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da, eta Euskaraldiak harro hartu du Korrikaren lekukoa; ehunka lagun buru eta bihotz ari dira lanean Euskaraldia bazter guztiak bustiko dituen olatua izan dadin. Edizio are eraginkorragoa izan dadin nahi dugu, jendeak euskaraz hitz egiteko leku eroso gehiago izan ditzan, kalean euskara gehiago entzun dadin, eta estres linguistikoa ahaztu dezagun 11 egunetan. Euskara biziberrituko bada, erabiliko dugulako izango da. Hiztun komunitateak euskararen alde egin dezakeen ekintzarik erradikalena euskaraz aritzea da; inertzien eta erresistentzien aurrean, korrontearen kontra, euskaraz aritzea. Euskararen aldeko politikei bultzada sendoena, inoren zain egon gabe, ahal bezainbeste euskaraz bizitzea da. Euskaraldian, milaka ahobizi eta belarriprestek gure hizkuntza ohiturak aldatuko ditugu, nork bere inertziak apurtuz, eta konfort eremuetatik mugituz.
Euskarak mugimendua behar du. Norbera dagoen tokitik mugituz, ingurukoak mugitzeko gai gara; eta elkarrekin mugituz, dena mugiarazteko gai. Euskarak mugimendu indartsu bat behar du, herriz herri eta auzoz auzo saretuko dena, eta Euskal Herri osoa artikulatuko duena. Euskarak nazio mailako ekimen masiboak behar ditu, denok batzen eta mugitzen gaituzten olatuak behar ditu, baita itsas korrontea sortuko duten aktibistak ere. Korrontea gizarte osoaren alde, denon alde jarri nahi dugu. Izan ere, aurrez esan bezala, euskararen normalizazioan eta biziberritzean aurrera egitea hizkuntz berdintasunean, justizia sozialean, gizarte kohesioan eta bizikidetzan sakontzea da. Honenbestez, segi dezagun aktibatuta, euskarari eta hizkuntza-politikei behar duten bultzada emateko.
Baionan, 2024ko maiatzaren 15ean
Elkar Fundazioak jakinarazi berri duenez, AEK-KORRIKAk jasoko du 2024ko ibilbideari Elkar Saria.
Elkar Saria 2016tik urtero ematen den saria da, eta haren helburua da Elkar Fundazioaren iritziz euskal kulturari ekarpen aipagarria egin duena nabarmendu eta saritzea. Fundazioak dioenez “Ibilbide osoa saritzen da, ez momentu bateko ekarpena”; eta, horretaz gain, sariaren helburua bada “taldean egindako lana indartzea, norbanakoen gainetik”.
Argitaratutako ohar baten, horrela azaldu ditu Elkar Fundazioak AEKri saria emateko arrazoiak: “Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzeko” xedea erdiesteko, “AEK-k lan baldintza egokien faltari militantziaz, ilusioz eta ahalik eta profesionaltasun handienarekin erantzun zien”. Hala, “milaka lagun euskaldundu da AEK-ko euskaltegietan, eta milaka lagun hurbildu da euskarara eta euskararen aldeko ekimenera AEKren lanari esker, tartean 1980tik antolatzen duen KORRIKAren eskutik”.
Izan ere, ekimen honekin ez soilik AEK erakundea; KORRIKA ekimena ere saritu nahi izan du Elkar Fundazioak: “AEK-k milaka eta milaka lagun euskararen aldeko mezua zabaltzera bultzatzen ditu KORRIKAren eskutik, euskararentzat itxaropena sortuz eta mezu argia zabalduz gizartean: euskara denona da eta haren etorkizuna guztion eginkizuna da”. Azken edizioko mezuan Garazi Arrulak adierazi bezala, “euskarak ekosistema osoa behar du eta hori lortze aldera egiten du lan egunero AEK-k”.
Maiatzaren 23an egingo da Elkar Sariak emateko ekitaldia Adunan, Elkar Fundazioaren egoitzan, 18:00etan. Ibilbideari Sariaz gain, Joseba Jaka beka ere emango zaio Josu Goikoetxea Gezuragari.
wrtwrt
wrtwrt
wrtwrt