Dagoeneko eman daiteke izena AEKn udan euskara ikasteko. Kanpaina, Uda bizi, euskara eroso ikasten lemapean, uda osora zabalduko da, euskara ikasteko hainbat aukera eskainiz: barnetegia, euskaltegia, Euskal Herria bizikletaz zeharkatuz edo online; mintzataldeetan praktikatzeko parada ere izango da zenbait herritan. Izan ere, leloak berak dioen moduan, uda bizitzeko garaia dator, ahalik eta erosoena bizitzeko aroa, non alde batera geratzen diren ikasturteko betebeharrak eta opor-giroa nagusitzen den. Haatik, aisialdia ustiatzeko asmoa ere sortzen da batzuetan, “zerbait egiteko aprobetxatu” nahia.
Horretarako aukera zabala du AEKk udan: euskara ikasteko hainbat modu eroso jartzen ditu edonoren esku, ikasprozesua arina eta atsegina izan dadin. Argi adierazten dute hori kanpainako bi protagonistek; Victoria Zarco eta Oihane Alonso (bi seme-alabarekin) ez dira modelo hutsak, baizik eta AEKren barnetegietan udan euskara ikastea zer den ondotxo dakiten euskara-ikasleak.
Edozein barnetegi mota da aukera ederra euskararen ikasprozesuan aurrera egiteko, hainbat arrazoirengatik: ikaslea euskaraz bizi den ingurune batean murgiltzen da; eguneroko bizimodua euskaraz egiten du, goizetik gauera; ikasitakoa praktikan jartzen du etengabe; bere burua euskaraz egiteko gai ikusten du; euskaraz aritzeko ohitura sendotzen du; euskaraz berba eginez, harreman berriak egiten ditu... Gainera, mota askotako barnetegiak daude: familia-barnetegiak, euskalduntzekoak, azterketak prestatzekoak, xiberera ikastekoa, ibiltaria bizikletaz...
Bestalde, maiatzaren 12an zuzeneko web bidezko bi aurkezpen egingo ditu AEKko Udako Barnetegietako arduradun Alba Ayucar Castrok, familia-barnetegien inguruan, goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 15:30ean. Ez dago izena eman beharrik, nahikoa da ordu horietako batean www.aek.eus atarian sartzea.
Barnetegiez gain, zenbait euskaltegiren ateak ere irekita egongo dira udan: barnetegira joaterik ez edo etxetik gertu egon nahi duten ikasleentzat, ikastaro trinkoak eskainiko ditu AEKk. Halaber, online ikastaroetan ere eman daiteke izena. Hala, datozen hilabeteetan, AEKk erakutsiko du uda eta euskara eroso ikastea bateragarriak direla.
Informazio guztia: https://www.aek.eus/eu/uda
Datorren ikasturtean, 2026/2027 ikasturtean, euskara ikasten jarraitu edo euskara ikasten hasi nahi duen orok (AEKko ikasleek zein ikasle ez direnek) baliatu dezakete AEKren matrikulazio eskaintza berezia.
Webgune HONETAN nahiz AEKren edozein euskaltegietan egin daiteke.
Aurrematrikula ekainaren 30a baino lehen egiten dutenek honako onura hauek izango dituzte:
- Ikasturte honetako (2025/26) prezioari eutsiko zaio
- Ordainketa malguagoa, epe bat gehituta ohiko ordainketa epeei
- Lehentasuna taldeak eratzeko orduan
Izen-emateak eta informazioa: AEKren edozein euskaltegitan // 673 200 100 · 946 464 000
Aurrematrikularen prezioa (lehenengo ordainketa): 100 euro (HABE edo Euskarabidearen aparteko dirulaguntza duten ikastaroen kasuan izan ezik).
Oharra: Ikastaroa ez egitea erabakiz gero, aurrematrikularen %100 itzuliko da ikastaroa hasi baino lehen jakinaraziz gero. Behin ikastaroa hasita, matrikula itzultzeko ohiko baldintzak aplikatuko dira.
Oharra: ezin da aurrematrikularik egin online-ikastaroetan. Dena den, datorren ikasturteko online-ikastaroetan izena emateko asmoa duenak GALDETEGI HAU bete dezake.
Atsotitzak, bertsoak, musika eta giro paregabea lotzen dituen lehiaketa honen 31. edizioa apirilaren 25ean ospatuko da aurten. Urtero lez, edizio honek ere badu bere leloa: Igazko kabiak hutsik, ez da aurten txoririk. Bertsolari gonbidatuak, berriz, Aner Peritz eta Aissa Intxausti izango dira. Ikasi beharreko ehun errefrauak prest daude dagoeneko https://praktikatu.eus/esaerazaharrak atarian, eta parte hartu nahi duten taldeek (bi eta lau lagun artekoak) apirilaren 20ra bitartean eman ahalko dute izena, webgune horretan bertan edo HEMEN.
Liburuaren aurkezpena hilaren 17an
Lehenago, ordea, apirilaren 17an, lehiaketaren inguruko beste ekitaldi bat egongo da: Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa: edo nola (ez) antolatu herri-ekintzak liburuaren aurkezpena Kurtzio kultur etxean. Izan ere, AEKk argitaratuko du, Uribe Kostako Mankomunitatearen dirulaguntzaz, lehiaketaren antolatzaile-taldeko kide Aitor Fernandez de Martikorenak idatzitako liburua. Lehiaketaren zertzeladak ditu oinarri, hiru atal nagusitan banatuta: testua, argazkiak eta material didaktikoa. Lehenengoa kontakizuna da, irakurleak jakin dezan nolako lana egin duten antolatzaileek lehiaketa aurrera eramateko. Bigarrenean, kartelen, oroigarrien, pegatinen, lehiakideen, bertsolarien... irudiak daude. Eta hirugarrenak lagungarri izan gura du euskara-irakasleentzat, atsotitzak eta/edo bertsoak lantzeko material egokia baita. Azken atal horretan, txapelketa hasi zenetik igarotako hiru hamarkadetan noizbait agertutako 206 atsotitz biltzen dira, azalpenez eta bertsoz horniturik.
Liburuaren egileak hitzaurrean azaldu duenez, asmoa ez da izan Esaera Zaharren Txapelketaren “kronika zehatza” egitea: “Nahikoa lan izan dugu edizioak egiten eta lehiaketa aurrera eramaten; hortaz, gutxitan apuntatu izan ditugu emaitzak eta sariak”. AEKk, ordea, omenalditxoa egin nahi izan dio liburua argitaratuz, ekimenak urtero-urtero, eta euskararen izenean, jende-kopuru polita batzen duelako. Zelan ez, txapelketak 30 edizio bete izanak ere badu zerikusia horretan. Uribe Kostako Mankomunitateak, bestalde, diruz lagundu du argitalpena, lehiaketak herrian euskararen presentzia indartzeko egiten duen ekarpenarengatik.
Euskara gara eta izango gara! Doako eskola apirilaren 22an AEKren euskaltegietan eta maiatzaren 21ean, ordea, mintzodromoak 65 herritan
AEKk 12. eguna: eta izango gara! izeneko ekimena iragarri zuen euskararen aldeko lasterketararen balorazioan.“Korrikan parte hartu duten eragile guztiei konpromisoa eskatzen diegu, ekiteko engaiamendua. Lan horretan, besteak beste, ezinbestekoa da ordezkari politikoen ardura, haien babes juridiko eta politikoa. Askok eraman dute lekukoa Korrikan, baina ekintza sinboliko horretatik haragoko konpromisoa eskatzen diegu hemendik: Korrikaren harira egindako adierazpen ederrak ekimen bihur ditzatela, benetan susta dezaten Euskal Herri euskalduna”.
Eskaerak egiteaz batera, AEKk berak zer gehiago egin dezakeen adierazi zuen erakundeak agerraldian: “Beti esan dugu ez dela nahikoa Korrikan parte hartzea, hurrengo eguna ere garrantzitsua dela: benetako lanketa, konpromisoa, behin Korrika igarota dator. Asmo handiko helburuekin abiatzen dugu lasterketa, baina ekimena bera labur geratzen zaigu askotan, eta Korrikak 11 egun horietatik harago joan behar dugu. Hori dela-eta sortu dugu Korrikaren 12. eguna: Euskara gara eta izango gara! izeneko ekimena.
Horren baitan, apirilaren 22an ordubeteko eskola emango dugu, doan, gure 100 euskaltegietan. Hasiera-mailako klaseak izango dira, oraindik euskarara hurbildu ez direnentzat. Bestalde, maiatzaren 21ean inoiz baino euskara gehiago entzungo da gure artean! 65 mintzodromo antolatuko ditugu egun horretarako, Euskal Herriaren luze-zabalean. Azken batean, horrela lortuko dugu helburua: ikasiz eta praktikatuz.
Informazioa guztia: www.korrika.eus/etaizangogara eta AEKren euskaltegietan
Izen-emateak: www.korrika.eus/12eguna eta AEKren euskaltegietan
Zapalkuntza sistemen aurrean: antolakuntza eta borroka.
Hori da EHko Mugimendu Feministak 2026ko martxoaren 8rako aukeratu duen leloa. Asko dira azken garaiotan munduan zein Euskal Herrian, emakumeon* eskubideen aurka izan diren erasoak. Eskumaren gorakada begien aurrean ikusten ari gara, eta bazterretan kokarazi gaituztenon aurkako erasoak areagotu egin dira, bortitz.
Baina ez gara despistatuko, badakigu nora eraman nahi gaituzten, zertara kondenatu nahi gaituzten, eta ez gaude prest. Mundua bestelakoa izan daiteke, gure ahizpen urteetako borroka eta antolakuntzari esker begien aurrean izan dugu, eta ez dugu galtzen utziko. Feminismotik egingo dugu guztion onerako izango den mundua, zapalkuntza sistema orori aurre egingo dion herria.
Martxoaren 8an berriro ere kalera aterako gara, eta beste mundu horren aldeko borrokan ez dugula etsiko oihukatuko dugu.
Feminismoak egiten gaitu herri, eta feminismoak egingo gaitu aske.
AEKkideok ere batu gaitezen beste mundu horren aldeko aldarrira, batu gaitezen EH feministaren aldeko borrokara.
Maddi Ane Txoperenari eta Xabi Lizasori elkarrizketak; 24. Korrikaren hasiera eta amaierara hurbiltzea; Dario Fo hitz gutxitan...
Eta ez ahaztu: testu guztiak mailakatuak, eta testuetan oinarritutako online ariketak egiteko aukera: www.aizu.eus
AEKko ikasleek doan jasoko dute euskaltegian, hilero bezala. Etxean jaso nahi? aizu.eus/harpidetu
On egin, lagun!
Gaur, otsailaren 20a, Justizia Sozialaren Mundu Eguna da. Horren harira, Gasteizeko Izaskun Arrue Zentroan agerraldi bat egin dute hainbat eragilek; horien artean, AEKk. Erakundearen ordezkariak Nazio Kontseiluko kide Aize Otaño eta Gazteizko AEKko Josu Ramos, Ane Aristi eta Maddalen Zugasti izan dira.
Egun, eskuin muturrak eta ideologia kontserbadoreek gero eta itoago dute justizia sozialaren kontzeptua. Horren aurrean, gaurko agerraldian bildutako eragileek proposatu dute “euskal herritar guztiok botere ekonomiko globalen eta tokikoen aurrean ahots kolektibo eta antolatu bat osatzea”.
Horretaz gain, hizkuntza minorizatuen zapalketa ere egon da agerraldian aipatutako aferen artean, eta “arazo transbertsal hau erdigunean kokatzea” ere eskatu da.
15 eragile baino gehiagok sinatu dute adierazpena. Hemen irakur daiteke.
Aureli Argemí saria Gutxiengo Etniko eta Nazioentzako Escarré Nazioarteko Zentroak (CIEMEN) ematen du, hiru kategoria hauetan: Elkartasunari saria (pobreziaren eta desberdintasunen aurkako borrokan nabarmendu diren pertsonak edo erakundeak aitortzeko), Herrien Eskubideen aldeko saria (herri eta nazio gutxituen eskubide kolektiboen aldeko lanari aitortza egiteko), eta Hizkuntza Eskubideen Aureli Argemí Saria, hizkuntza-eskubideen defentsan, hizkuntza gutxituen alde eta hizkuntza-aniztasuna sustatzen nabarmendu diren erakundeak aitortzeko. Azken hori da, hain zuzen ere, gaur AEKk jasoko duen saria.
Gainontzeko saridunak Sousan Tayseer Abdel Salam ekintzaile palestinarra, eta ACAPS (Asociación Catalana de Amistad con el Pueblo Saharaui elkartea) izan dira.
Sari-emate ekitaldia 19:00etan izan da Bartzelonako Ateneoan. Saria bertatik bertara jasotzera joan dira Lurdes Etxezarreta Artabe eta Maialen Begiristain Grado, AEKren Nazio Kontseiluko kideak.
Eskerrik asko, CIEMEN. Moltes gràcies!

150 bat AEKide elkartu dira gaur, otsailak 6, AEKren Didaktika Topaketan, Gasteizko Europa Jauregian.
Batetik, Garikoitz Goikoetxea kazetariak helduen euskalduntzeari begirako gakoak -"Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan" liburuan egindako azterketa- izan du hizpide, eta gaian sakontzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Bestetik, Irakaskuntzako formazio-planaren zehaztapenak jaso dituzte, AEKren Irakaskuntza arduradun Maialen Otegi eta Didaktika Saileko Joseba Irazabalen eskutik.
Bukatzeko, partaideek goizean ikusi eta entzundakoaren inguruan iritziak trukatu dituzte. Izan ere, AEKren euskaltegi eta irakasle askok 40 urte baino gehiago daramatzatenez euskara irakasten, beren esperientziak entzun eta partekatzeko aukera baliatu dute. Hala, Topaketa leku egokia izan da AEKren historia didaktikoa errepasatzeko eta irakasle gazteagoei ezagutarazteko.
wrtwrt
wrtwrt
wrtwrt